NOLA ERABILTZEN DIRA ZURE DOHAINTZAK?
Satelite bidezko JW kanala Internetik ez dagoen lekuetara heltzen da
2021EKO APIRILAK 1
Hilabetero, JW Broadcasting-en argitaratzen diren programa espiritual eta bideoak ikusteko irrikaz gaude. Hala ere, Afrikako gure anai-arreba askok, ezin dituzte programa horiek Interneten ikusi. Zergatik ez?
Afrikako herrialde askotan ez dute Internetik. Eta Interneta dutenetan, motel doa edo oso garestia izaten da. Adibidez, Madagaskarreko eskualde arduradun batek JW Broadcasting-eko programa bat jaitsi zuen behin ziberkafetegi batean. 14 euro inguru ordaindu zituen, eta hau batzuek aste oso batean irabazten dutena baino gehiago da!
Zailtasun hauek izan arren, orain Afrikako milioika lagunek JW Broadcasting ikusteaz goza dezakete Internet erabili gabe. Nola da posible?
2017tik aurrera, Afrikako Saharaz hegoaldeko lurraldeetan bizi direnek, JW Broadcasting eskuragarri dute satelite bidezko telebista kanal batean. Kanal hau doakoa da eta astelehenetik igandera, egunean 24 orduz, 16 hizkuntzatan ematen ditu edukiak.
Hau egiteko, Jehobaren lekukoek telebista emisio zerbitzu bat kontratatu zuten satelite bidez edukiak transmititzeko. Satelite honek, Afrikako Saharaz hegoaldeko 35 herrialde ingurutara transmititzen du. Zerbitzu honek hilean 10.000 euro baino gehiago kostatzen du. Noizean behin gehiago ordaintzen da beste kanal batean ekitaldiak zuzenean transmititzeko. Honi esker, biltzarrak eta sukurtsalen bisiten programa bereziak ikusteaz goza dezakete milaka lagunek.
Jende askok, Lekukoak ez direnek ere, satelite bidezko JW kanala ikusten dute etxeko telebistan. Hala ere, anai-arreba batzuek ezin dute kanal hau ikusteko beharrezkoa den ekipamendua erosi. Horregatik, 3.670 bilera-areto baino gehiagotan beharrezko ekipamendua jarri da, anai-arrebek bertan JW Broadcasting ikusi ahal izateko. Bilera-aretoak telebista edo proiektore bat badu, ekipamendu honen kostua, garraio-kostuak barne, 60 euro ingurukoa da. Bestela, 450 euro izatera iritsi daiteke.
Gure anai-arrebek asko estimatzen dute kanal hau. Kamerungo adindun batek honakoa dio: «Gure familiarentzat basamortu erdian jasotako manaren antzekoa da». Nigeriako Odebode anaiak dio: «Familia osoak elkarrekin astean hiru aldiz ikusten dugu kanal hau. Nire semeek momentu hauek irrikaz itxaroten dituzte beti. Beste momentu batzuetan ere JW kanalera aldatzeko eskatzen dute. Nigeriako Rosek dio: «Denbora guztian albisteak ikusi beharrean, orain satelite bidezko JW kanala ikusten dudala pozik esan dezaket. Berriak ikusten nituenean, haserreturik eta nahigabeturik sentitzen nintzen. Baina JW Broadcasting ikustea animagarria eta lasaigarria da. Nire kanal gogokoena da. Jehobak emandako bedeinkapen handi bat».
Mozambikeko eskualde-arduradun batek dio, bere eskualdeko bilera-aretoetan satelite bidezko kanal hau ikusteko ekipamendua jarri dela. Kongregazio hauetako anai-arrebak, bilera hasi baino gutxienez ordubete lehenago iristen dira bilera-aretora JW Broadcasting ikusteko.
2019an Johannesburgon (Hegoafrika) ospatutako nazioarteko biltzarraren hitzaldi garrantzitsuenak, beste bederatzi hiritara transmititu ziren kanal honen bitartez. Hitzaldi hauen artean, Zuzendari-batzordeko anaia batek emandakoak egon ziren. Hegoafrikako sukurtsaleko Tokiko Broadcasting Sailean lan egiten duen Sphumelele anaiak honakoa dio: «Lehen, hitzaldiak Internet bidez transmititu behar izango genituen, baina honetarako Interneteko konexio ona behar da, eta era honetan datuak transmititzea garestia da. Satelite bidezko JW kanala merkeagoa eta seguruagoa da».
Mundu-mailako lanetarako zuen dohaintza eskuzabalei esker, Afrikako gure anai-arreba askok JW Broadcasting ikusi dezakete satelite bidez. Asko estimatzen ditugu donate.pr418.com-ren bidez egindako dohaintzak.